XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

A.- Bai, aipaturiko erreferentzi literarioez gain, beste hainbat erreferentzi ere badakarzu: Mikel Laboa, Txomin Iturbe....

J.A.A.- Badaude sinbolo batzuk, bakardadetik poemagintzaren esparru teknikotik harantza piskanaka hedatuz doazen zirkulo konzentriko batzuk, errealitatea besarkatu edo birkokatu nahian, eta zirkulo konzentriko horietan nere era guztietako sentimentuetara ailegatzen naiz; sentimentu horien artean atal bat, inolaz ere erreprimitu nahiko ez nukeena, erreprimituko banu ideologia dominanteari amore emango bait nion, abertzaletasunarena da.

Poesia azken finean, danetarako hurbiltze bat da.

A.- Eragin nagusienak aitortuko al dituzu hala ere?.

J.A.A.- Euskal poesia zale den irakurle euskaldunak segituan atzemango duen bezala, bi dira erreferentzi nagusiak: Etiopiaren aipamena batetik eta Marinel Zaharrak eta Marginaliaren irakurketak eragindako gogoeta eta jarrera hartze literario, ideologikoaren inguruko gogoeta.

Baina ez hizkera politiko baten bitartez, baizik eta poesiaren beraren bitartekoekin hurbiltze edo jarrera hartze bat.

A.- Erabilitako hizkuntz poetikoari dagokionez, nola lortu duzu mintzo zaharra eta euskara modernoaren " arteko oreka?.

J.A.A.- Ez dakit orekarik ba ote dagoen, baina nik uste dut bai nigan eta bai beste lankide askorengan hizkuntzaren kalitatearekiko ardura zentrala dela ezinbestekoa.

Zuk aipatu duzunari dagokionez, bi hizkuntza mota horien arteko nahasketa, segun eta zein den erreferentzia, are nabariago da, askotan XVI. mendeko bizkaiera zaharra gaur egungo edozein poetak erabiltzen duen hizkuntzarekin nahasirik azaltzen bait da.

Dena den, hizkuntza mota guztiak erabili daitezkeela deritzot, unean unerako hizkera berria egokituz.

A.- Konposaketa teknikei dagokienez, ugaritasuna da nabariena: hitz-jokoak, bertso libreak, prosa, tipograria desberdinak, collageak....

J.A.A.- Nik neuk ere orain hitz bitan esateko ez dakit gogoratuko dudan zein izan zen erizpidea, baina arrazoia duzu, denetarik dago.

Dena den konstante bat mantentzen saiatu naiz, hizkuntza beraren sonoritatea hain zuzen ere.

Ikuspegi horretatik sartuko lirateke, hitzaren beraren erakarpena, hitzen durundioen arabera eginiko hitz-jokoak....

Azken batean poesia badakigu zer den, zehazki definitzen ez baldin badakigu ere; nik beti pentsatu izan dut poesia literatur generorik mastikagarriena dela, ozenki irakurtzeko egina, aipaturiko durundioetaz gozatzeko.

A.- Beharbada ugaritasun honek liburuaren osotasuna zertxobait puskatzen du?.

J.A.A.- Badago nolabaiteko bilakaera bat, aukeraketarako hurbiltze bat badago.

Baina gorabeherak baldin badaude ere, ez naute gehiegi kezkatzen, nere ustez liburuak nolabaiteko haria bait du, egiturazko batasuna baduela deritzot.

Hari horretan elementu ezberdinak jartzeak ez nau horrenbeste kezkatzen, barruko gogoetaren hari baterakoia puskatzen ez duen bitartean behintzat.

Joxe Austinen aburuz, poesiak errealitate mota guztietara heldu beharko luke, eta polemika eta liskarretarako barrunbe gisa ere aurkezten dizkigu bere liburuko zenbait pasarte. MIKEL ARRIETA.